XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zinema arloan badago inoiz argituko ez den arazo bat, literatur lanetan oinarritutako moldaketa zinematografikoei dagokiena, alegia.

Leialtasuna ala abiapuntua? Puntu eta koma guztiak errespetatu beharra ala edukiari jarraituz lan zinematografiko autonomo bat lortzea?

Galdera guzti hauek planteiatzen zitzaizkigun elaberri edo antzerki batetan oinarritutako kanpoko filme baten kritika egitean.

Zorionez, euskal zinemari heldu zaio bere garaia, gaurko elaberri baten adaptazioa bait da orain pantaila handian, eta laister txikian, ikus ahal izan dugun Hamaseigarrenean aidanez filmea.

Alde horretatik biak, elaberria eta filmea hain zuzen, ezagutzen ditugunontzat, desberdintasunak nabariak dira.

Alde batetik, irakurlegoaren gidaria, bere ikerketa eta guzti, desagertzen da, eta bestetik Martzelinak bere protagonismoa galtzen du, Domingok hutsune hori betez.

Baina kasu honetan, eta pertsonaien nortasuna ahuldua azaldu arren, filme baten aurrean gaudela esan beharra dago.

Horrek zenbait muga jartzen badu, ez ditugu telebistarako eta ordu beteko saioa izateak suposatzen dituenak ahantzi behar.

Lehenengo eszenaren akatsak salbu, filmeak pixkanaka bere hatzaparretan hartzen gaitu.

Egia da aktoreen desegurantza batzutan erraz igertzen dela, eta baita batzuen erremerrea ikuslegoaren irriparraren oinarria dugula ere, baina, azken finean, pertsonaiak sineskarriak bihurtzen zaizkigu, psikologi nabardurarik ez azaldu arren.

Bestalde, esan dezakegu filmean ez dugula artistaren aztarnarik ikusi, estilo eza nabaria dela, alegia.

Anduren lehen filmea izateak ez du dena justifikatzen.

Tasio Armendariz-en lehen luzemetraia zen, eta hala ere, han estilo bat bazegoen.

Hala ere, filmea, bere orokortasunean, duintzat har dezakegu.

Hau badiogu ez da filmea euskaraz egin eta aurkeztu delako, ezta Andu ezagutzen dugulako ere, akatsak eta balioak parekatuta agertzen direlako baizik.

Dena hobe daiteke, baina, nolabait esateagatik, bere helburuak bete dituela esan dezakegu.

Alde horretatik Anduri euskal zinemaren eraikuntzan jarri duen harria, txikia izan arren, eskertu beharko genioke.

Gure zinemak hartu dituen norabide desberdinak kontutan hartuz, Andurena oinarria osatu eta itxiko duena izan daiteke.

Ondorengoek, orain, etxearen edertasuna erakutsi beharko digute.

Hainbat estreinaldien artean Un domingo en el campo filmearena oharkabe igaro da.

Topiko gehiegi esan eta idatzi da filme honetaz.

Renoir-en eragina dela eta, paisaia eta argazkian oinarritutako filme eder bat besterik ez dela, eta beste hamaika kritika egin zaio Tavernier-ek Pierre Bost-en El Sr. Ladiral va a morir pronto elaberrian oinarrituz, iaz Cannes-en aurkeztu zuen filmeari.

Ladiral margolaria iraganean finkatuta bizi da.

Bere familiak igande bat igarotzen du berarekin, landetxean.

Aitonaren gogoetek alde batetik, semea eta alabaren nortasun desberdinek bestetik, eta eguneroko sentimendu eta xehetasunek azkenik osatzen dute filme eder hau.

Arazo larriak ez aztertzeak ez du suposatzen interesik gabeko filme huts baten aurrean aurkitzen garenik.

Tavernier-en zinema askotan egunerokotasun horren ildotik bideratu da, eta alde horretatik ez da harritzekoa oraingoan filme inpresionista batekin topo egitea.

Hala ere, Un domingo en el campo filme huts bat dela uste baduzue, Tavernier-en lan hau Lelouch-en Los unos y los otros filmearekin konpara dezakezue, eta orduan ulertuko duzue sentimendu eta ideia handiak aipatze hutsarekin ez dela filme on bat egiten.

Giroaren edertasuna eta L. Ducreux eta S. Azemaren interpretaketa zoragarria lan bikain honen zutabe nagusiak dituzue.

Besterik eskatzen badiozue, ez dut uste bilatzen ari zaretena aurkituko duzuenik.

20 baino gehiago dira iadanik zinemara eraman diren Agatha Christie-ren elaberriak.

Ia guztietan egitura berdintsua da.

Heriotza batek beste zenbait darama berarekin.

Susmo eta errezeloak nagusiak diren giro itxi batean, pertsonaia guztiek dute haseran hil dena sarraskitzeko arrazoin bat, baina horietatik bat besterik ez da hiltzailea.

Zein? Hor dago gakoa eta baita ikuslegoaren arreta erakartzen duen faktorea ere.

Desmond Davis-en filmeari dagokionez, Culpable de inocencia honek Crooked House-ren egilearen lanetan oinarritutako filmeetan igertzen genituen ohizko egiturak errespetatzen ditu.

Alde horretatik ez da besteak baino hobea ala txarragoa.

Egia da giroa ez dela besteetan bezain itxia, baina horrek ez du ezer aldatzen, errealizazioaren kalitateari dagokionez.

Dave Brubeck-en musika istima handian eduki arren, esan beharra dago ez dela, tamalez, filme honi hobeto dagokiona, baina hori D. Davis-en errua dela irudizen zait, Take five-ren egileak ez bait du aukera horretan ezer ikusi behar.

Filme ilun bezain nahasi hau dela eta, badute oraingoan A. Christie-ren elaberrizaleek non gozatzerik.

Besteok absteni zaitezkete.

Telebista

Aukera zabala, benetan, aste honetan pantaila txikiak eskaintzen diguna.

H. Verneuil, J. P. Belmondo (Fin de semana en Dunkerque), J. Losey, Jane Fonda (Casa de muñecas), eta Kelly, B. Streissand (Hello Dolly) dira, zalantzarik gabe, aukerarik ezagunenak.

Baina kalitateari dagokionez ez dugu ahaztu behar E.T.B.-n, asteazkenean, Heimat ikusteko aukera izango dugula, ezta ostegunean, Espainiako 2. telebista kateak eskaintzen digun Forajidos filmea ere.